Hasiera »
Unai Brearen bloga - Mundua ez da biribila
Unai Brea
Susan Georgerekin bat nator: ez dugu zertan planeta salbatu. Hark patxada ederrean segituko baitu bira eta bira, guk geure burua desagerrarazi ostean ere.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Zergatik da hain garrantzitsua Monsantorentzat glifosatoa defendatzea? | Mundua ez da biribila(e)k Monsanto, bigarren erasoaldia prestatzen bidalketan
- Zergatik da hain garrantzitsua Monsantorentzat glifosatoa defendatzea? | Mundua ez da biribila(e)k Glifosatoa, baimena luzatu nahi dioten herbizida “segur aski kantzerigenoa” bidalketan
- Monsantoren eskuliburua: zientzialarien lana desitxuratu, pozoia saltzen jarraitzeko | Mundua ez da biribila(e)k Oharkabeko eskandaluak bidalketan
- Klimaren akordioa: America out again | Mundua ez da biribila(e)k Aurrerapausorik gabe joan da Marrakexeko klimaren gailurra bidalketan
- Aurrerapausorik gabe joan da Marrakexeko klimaren gailurra | Mundua ez da biribila(e)k Nola jokatuko du Donald Trumpek klima aldaketarekiko? bidalketan
Artxiboak
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko apirila
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2009(e)ko otsaila
- 2008(e)ko abendua
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko urria
- 2008(e)ko uztaila
- 2008(e)ko ekaina
- 2008(e)ko maiatza
- 2008(e)ko apirila
- 2008(e)ko martxoa
- 2008(e)ko otsaila
Kategoriak
- Artea
- Bertsolaritza
- Ekonomia
- Energia
- Euskara
- Farmazeutikak
- Frackinga
- Gizartea
- Hedabideak
- Hezkuntza
- Historia
- Hizkuntzak
- Ingurumena
- Klima aldaketa
- Literatura
- Medikuntza
- Merkataritza askeko akordioak
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Osasuna
- Osasungintza
- Politika
- Sailkatugabeak
- Transgenikoak
- Transnazionalak
- TTIP
- TTIP/TAFTA
- Zientzia eta teknologia
Glifosatoa, baimena luzatu nahi dioten herbizida “segur aski kantzerigenoa”
2016-03-07 // Ingurumena, Osasuna // Iruzkinik ez
Glifosatoaren debekua eskatzeko mobilizazioa Bruselan, haren baimena luzatzeaz erabaki behar duen batzordearen aurrean. Manifestariek 174.000 sinadura eman dizkiete batzordeko kideei, hala nola garagardoa, ogia eta mahatsa, glifosatoz kutsatuta egon ohi diren produktuak.
Europako Batzordeak gomendioa egingo du glifosatoaren baimena luzatzeko –hasiera batean hamabost urtez esan zuten, orain ez dago hain argi–, martxoaren 7an eta 8an Bruselan egingo den Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzorde Iraunkorraren bileran. EBko estatu kideetako adituek osatzen dute batzordea, eta %65ek eman behar dute aldeko botoa proposamena aintzat hartua izan dadin. Badirudi hala izango dela, egunotan estatu batzuek ezezkoa iragarri arren, ezustean edo.
EBren proposamenak protesta ugari eragin du. Ingurumenaren eta osasunaren alde diharduten talde asko aspalditik ari dira esaten glifosatoa, munduan gehien erabiltzen den herbizida –Monsantok sortua, patentea duela urte batzuk agortu bazitzaion ere–, kaltegarria dela; iazko udaberrian arrazoi eman zien neurri batean OMEren barruko Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC), “segur asko kantzerigeno” diren substantzien zerrendan sailkatuz.
Azaroan, berriz, Europako Elikagaien Segurtasunerako Agentziak (EFSA) eta Alemaniako BfR institutuak oso bestelako ondorioak dituen txostena argitaratu zuten. Haien esanetan, ez dago inolako zantzurik glifosatoak minbizia edo beste edozein kalte eragin dezakeela pentsatzeko. Europako Batzordeak txosten horretan oinarrituta egingo du herbizidari baimena luzatzeko gomendioa.
Osasun Publikorako Europako komisarioak, Vytenis Andriukaitisek, esan du harrigarria dela zientziak hain iritzi desberdinak izatea hainbeste zabaldutako produktu bati buruz, eta eskaria egin die bi aldeei adostasuna bilatzeko. Baina hori ez da nahikoa izan Europako Batzordeak zuhurtziaren bidea aukeratzeko: glifosatoaren baimena luzatzeko gomendioa mantenduko du Bruselak. Hori bai, hasierako proposamena nolabait “leuntzen” duten ñabardurak iragarri ditu Andriukaitisek.
Batetik, komisarioak aditzera eman du balitekeela luzapenaren iraupena hamabost urtetik zortzi edo hamarrera jaistea, eta zientziak dioenari adi egongo direla beti ere. Bestetik, glifosatoaren eragina handitzeko harekin batera erabili ohi diren zenbait substantzia debekatzeko eskaria egin dezake Batzordeak –horietako bat debekatuko dutela jakinarazi dute dagoeneko–. Hirugarren berrikuntza litzateke estatu kideak behartzea herritarrengan substantzia atzemateko analisiak egitera. Alemaniako Heinrich Böll fundazioak egin berri duen azterketa batean, konparazio baterako, glifosato zantzuak aurkitu dituzte aztertutako 2.000 lagunen %99,6an. Beste azterketa batek Alemaniako hamalau garagardo marka aztertu zituen, eta emaitza biribilagoa izan zen: %100.
Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzorde Iraunkorreko kideen esku dago orain zifra horiek osasun publiko arazo larri bilakatzea edo ez.
Klimaren Parisko Hitzarmena: AEB eta hidrokarburo ekoizleak garaile
2015-12-12 // Klima aldaketa // Iruzkinik ez
“B planik ez” esaldia proiektatu zuten Eiffel Dorrean, Parisko klimaren akordioa aurkezteko bezperan.
“Parisko Hitzarmenak ez du planeta salbatuko baina klima aldaketaren aurkako gurpila hasi da biratzen, eta ez da gutxi”. Txio batean idatzitako hitz horien bidez laburbildu du Unai Pascual BC3ko ikerlariak COP21 klimaren gailurra. Akordioaren behin betiko testua aurkeztu dute jada Parisen; berrespenerako epea 2016ko apirilean zabalduko da.
“Oso espektatiba onekin hasi zen gailurra”, azaldu digu Pascualek, “baina laugarren egunean AEBek garbi esan zuen ezin zuela sinatu ‘lotesle’ hitza zuen akordio bat, bere Senatuak ez zuelako onartuko”. AEBen betoa realpolitik dosi ederra izan zen, batez ere gailurra hasi aurretik bertan adostutako akordioa loteslea izango zela aldarrikatzen zuten EBrentzat eta herrialde pobreentzat.
Gardentasuna, alde positiboetako bat
Halere lotesletzat aurkeztu dute Parisko Hitzarmena, hala izango direlako zati batzuk. “Gardentasunari dagokiona da loteslea”, dio Pascualek; “batetik, denek sistema bera erabili beharko dute gas emisioen zenbaketa egiteko, bestela tranpak egiteko aukera asko dago, eta adibidez Txinari horixe leporatu izan zaio; bestetik, herrialde guztiek edukiko dute aukera besteak zertan ari diren hurbiletik jarraitzeko”.
Izan ere, eta AEBen betoak eragindako egonezina orekatzeko-edo, COP21en hurrengo urratsa aldizkako berrikuskapenak egiteko beharra ezartzea izan zen. Zehazki, estatu bakoitzak gutxienez bost urtero aurkeztu beharko ditu bere emisio planak –ingelesezko INDC siglez ezagunak–, beti ere aurrekoa zorroztuz.
Akordioaren ahuldade nagusia da ezerk ez duela behartzen INDC horiek betetzera. Hori da AEBen garaipen nagusia, klima aldaketak herrialde pobreenetan eragindako kalte konponezinak ordaintzeko beharra esplizituki adierazi ez izanarekin batera. Parisko Hitzarmenak, besterik gabe, kalte horiek arintzeko beharra aitortzen du, eta geroko uzten du arazoari aurre egiteko mekanismoen garapena.
Akordioaren alderdirik positiboena, beharbada, bigarren artikuluan aipatzen den helburu nagusia da: Lurreko batez besteko tenperaturaren igoera, industrializazioaren aurreko garaiarekin alderatuta, bi gradutik behera egon dadila nabarmen, eta ahaleginak egin daitezela 1,5 ºC-an gelditzeko. Testuari azken orduan gehitu zaio formulazio hori –hasiera batean, helburua bi graduak ez gainditzea izan behar zen, gradu eta erdiaren xedea desiragarriagoa zela onartuz–, eta horrek poza eragin du hainbat sektoretan, klima aztertzen duten zientzialari askorengan berbarako. Greenpeacek ere txalotu du hitzarmenaren berridazketa hori.
COP21en presidentzia-mahaiko kideak, akordioa ospatzen.
Emisioen gailurra, “ahalik eta lasterren”
Arazoa da NBEko kideek 2015ean zehar aurkeztu dituzten INDCak kontuan hartuta –gutxi batzuek ez dute egin oraindik– hiru gradu inguruko beroketa globalerantz goazela. Hitzarmenaren atariko testuan onartzen da hori horrela dela, baina artikuluek dioten bakarra da estatu bakoitza “ahalik eta lasterren” iritsi beharko dela bere berotegi efektuko gas igorpenen gailurrera, garapen bidean daudenek epe zabalagoa beharko luketela onartuz.
2050eko epea ezarri da –urtea zehazki aipatu gabe, halere–, “neutraltasun klimatikora” iristeko. Hau da, gizakiak isuritako gasaren eta karbono xurgatzaileek –basoek batez ere– eta balizko konponbide teknologikoek atmosferatik kendutakoaren arteko orekara. Artikulu horren formulazioa petrolio ekoizleen presioaren ondoriozkoa da, haiek ez baitzuten inola ere onartu nahi “deskarbonizazio” terminoa hitzarmenean aipatzea. Testuaren beste itzal handi bat da hori. Gainera, hegazkinek eta itsaso bidezko nabigazioak eragindako emisioak ez dira kontabilizatuko –hala izan da orain arte ere–, datozen hamarkadetan izugarri handituko direla aurreikusita dagoen arren.
“Petrolioa [ustiatzea] merkea den bitartean, daukaten herrialdeek ez dute lurpean utziko”, iritzi dio Unai Pascualek. “Nork aginduko dio nori hala egiteko, zientzialariek ezinbestekotzat joko balute ere? Ez dago horretarako mekanismorik”.
Ekologisten erreakzioa
COP21en Parisko Hitzarmenaren behin betiko bertsioa aurkezten zuten bitartean, milaka lagun mobilizatu dira Frantziako hiriburuko karriketan, talde ekologistek eta altermundialistek deituta, klima aldaketari benetako soluzioak ematearen eta eredu aldaketaren alde. Bertatik igorritako balorazioan, Greenpeace itxaropentsu agertu da, hitzarmenak agertutako helburuen eta proposatutako mekanismoen arteko desoreka sumatu arren. “Hitzarmen honek ez gaitu zulotik aterako, baina aurrerantzean bidea ez da hain malkartsua izango”.
“Beroketaren langa 1,5 º C-an ezartzeak eta 2050ean gas emisio garbiak zerora jaisteko asmoak egonezina eragingo du ikatz sektoreko administrazio kontseiluetan eta petrolio esportatzaileen jauregietan”, adierazi du Greenpeacek, “hala ere, orain arte proposatutako emisio helburuak ez dira nahikoak, eta akordioak ez du ezer egiten hori konpontzeko”.
Estatuen konpromisoen lehen berrikuspena –2023rako ezarri du akordioak– berandu helduko dela uste du Ekologistak Martxanek, “1,5 ºC-ko beroketatik hurbilegi egon gaitezke ordurako”. Bestalde, herrialde garatuek garatu gabekoei eman beharreko finantzazioa –bai emisioak murrizteko bai klima aldaketaren inpaktuetara egokitzen laguntzeko– bermerik gabe geratu dela salatu dute, Hitzarmenak ez baitu zehazten, eta etorkizuneko gailur batek hartu beharreko erabaki baten menpe utzi baita. “Horrek ahalbidetzen du noizbait atzerapausoa egin ahal izatea”.
Prozedura hemendik aurrera
Parisko Hitzarmenak berak ezartzen ditu hemendik aurrerako urratsak. 2016ko apirilaren 22tik 2017ko apirilaren 21era bitartean, estatuek testua sinatzeko aukera edukiko dute NBEren egoitza nagusian, New Yorken. Gutxienez COPeko 55 kidek sinatu eta hilabetera sartuko da hitzarmena indarrean. Baldintza da sinatzaileak negutegi efektuko gas emisioen %55en erantzuleak izan behar direla gutxienez.
Ez du ematen tramite hori betetzeko arazorik egongo denik, isurle handienek beren neurriko akordioa lortu dute eta.
Klimaren gailurra azken txanpan: ausardiarik gabeko akordiorantz
2015-12-09 // Klima aldaketa // Iruzkinik ez
Abenduaren 11n sinatua behar luke Parisko akordioaren behin betiko bertsioak. (Arg.: AFP/Martin Bureau).
Parisko COP21etik aterako den akordioa adosteko epea hurbildu ahala, zapuztuz doa datozen hamarkadetarako itun handinahi eta eraginkorra lortzeko itxaropena. Irakurri-entzungo ditugun balorazioek alde positibo bat azpimarratuko dute: behingoz munduko estatu guztiak –edo ia– bilduko dituen plana hitzartuko da. Baina azken orduko miraririk ezean plan urardotua izango da, ez egoeraren larriak eskatzen duen neurri-sorta ausarta. Horregatik sinatuko dute denek.
Klimaren gailurraren lehen astea negoziazio teknikoen garaia izaten da. Hor egosten da bigarren astean agintari politikoek, normalean ingurumen ministroek, ontzat eman beharko duten testuaren zirriborroa. Partida gogorra izaten da, esaldiz esaldi aztertzen da testua, inork ez baitu jokalekutik galtzaile irten nahi; larriena da estatu askotako ordezkariek, absurdoki, uste dutela klima aldaketaren aurkako borrokan “gehiegi” konprometitzea dela partida galtzea. Klima hondamendirantz garamatzan baina beren ekonomiaren zutabeak –irakur bedi kapitalismoarenak– ezbaian jarriko ez dituen bide-orria adostuta pozik joaten dira etxera. Horrela galdu dira alferrik aurreko hogei COPak, eta horregatik hogeita batgarrena ez da, seguruenik, klima aldaketari aurre egiteko akordio historiko batez erdituko.
Oinarriak finkatu direla eta orain helburuak nola bete adostu behar dela ere irakurri-entzungo dugu. Momentuz behintzat, hauxe dakigu Parisen erabakiko dutenek esku artean darabilten zirriborroaz:
Zenbat graduko muga? Epe luzeko helburu bat ezarriko da, beroketa globala langa batetik gorakoa izan ez dadin. Bi aukera daude: 1,5 ºC edo 2 ºC, industrializazioaren aurreko garaitik neurtuta beti ere (dagoeneko 0,9 graduko beroketa daukagula ez ahaztu). Gradu erdiko alde horrek eztabaida latzak eragingo ditu.
Adosten den helburua lortzeko metodologia ez da behar beste zehaztuko. Kyotoko Protokoloan ez bezala –hain zuzen haren ordezkoa adostu behar da Parisen– estatu bakoitzak bete beharreko konpromisoa ez du akordioak ezarriko; nork bere asmoa agertu behar du INDC izeneko dokumentuaren bidez. Gaur arte bildu diren INDCekin, agertokia hondamendizkoa da: gutxienez 2,7 ºC-ko beroketa. Paris eta geroko lan eskerga dago egiteko.
Karbono aurrekonturik ez. Akordioaren zirriborroak ez du esaten –eta azken testuak nekez esango du– zenbat gas berotzaile egon daitekeen gehienez atmosferan; ez du ezartzen gainditu ezinezko karbono aurrekonturik, alegia, zenbat igor dezakeen bakoitzak; ez ditu erregai fosilak aipatzen, are gutxiago esaten du IPCCko zientzialarien datuei begiratuta gutxienez bi heren, eta akaso %80, lurpean utzi beharko genituzkeela betiko, eta horrek gure ekonomia eredua gaurdanik eta errotik eraldatzera behartzen gaituela.
Kalteak. Errefuxiatu klimatikoak ez dira aipatuak akordioaren zirriborroan. Klima aldaketak eragindako hondamendien gastuak nork ordainduko dituen COP22n aztertuko dute.
Funts Berdearen finantzazioa. Klimaren Funts Berdea aipatuko du akordioak, baina horri buruzko erabaki garrantzitsuak ere datorren urterako utziko dira. Oraingoz, 2014an Liman adostutakoa da erreferentziazko dokumentua Funts Berdeari dagokionez. Labur esateko, herrialde garatuenek, klima aldaketa eragiten erantzukizun handiena dutenek alegia, dirua ipini behar dute oraindik garatze bidean daudenei laguntzeko. Izan ere, herrialde askok esaten dute beren lehentasuna dela milaka herritar pobreziatik ateratzea, eta horretarako ekonomia indartu behar dutela. Erronka hori eta berotegi efektuko gasen emisioak murriztea aldi berean egitea ezinezkotzat jotzen dute, eta aberatson finantzazioa galdatzen dute. Parisen posizio horren aldeko defentsa sutsua egiten ari dira Txina eta G-77ko herrialdeak, bestea beste.
Urtero 100.000 milioi dolar beharko direla uste da – askoz gehiago, zenbait kalkuluren arabera–, eta konpromisoa da 2020tik, alegia Parisko akordioa indarrean sartuko den urtetik, kopuru hori Funts Berdean biltzea. Baina funtsaren kudeaketa nolakoa eta noren ardurapekoa izango den argitu gabe dago, eta okerrena: momentuz 62.000 milioi emateko konpromisoa baino ez dago, eta hori ere 2020 urterako besterik ez. Zenbait herrialdetan, Espainiako Estatuan esaterako, Funts Berdera bideratuko den dirua beste ingurumen proiektu batzuei finantzazioa kenduz biltzen ari da.
Akordio erabat loteslerik ez. COP21en xedeetako bat akordio loteslea sinatzea dela iragarri da lau haizetara, baina ez dirudi lortuko denik. Horren alde daude Europar Batasuna eta klima aldaketaren ondorio larrienak jasango dituztenak, baina kontra dituzte oso potentzia esanguratsuak, AEBak batez ere. Washingtonekin bat egiten dute Japoniak, Australiak, Kanadak, Brasilek… Gas igorpenetan nabarmentzen diren herrialdeak. Haien nahia da Parisen adostutakoa irizpide sorta hutsa izatea, gero nork bere etxeko legedian txertatuko duena. Hori bai, Obamak iragarri du behingoz klima aldaketari aurre egiteko araudia egingo dutela AEBek.
Zenbait analistaren ustez, akordioaren behin betiko bertsiorako erdibidea hautatuko dute: artikulu batzuk –sakonenak– ez lotesleak, eta beste batzuk –teknikoenak– bai.
Huts egin duenak agendan egoten jarraituko du. Sasi-irtenbideak indartuta aterako dira COP21etik. Hots, egiten diren gas emisioak oso zalantzazkoak diren kontabilitate ariketen bidez “berdintzea”. Adibidez: deforestazioa gutxitzea saritua suerta daiteke, eraitsiko ez diren zuhaitzek atmosferako CO2 finkatzen lagunduko dutelakoan. Horrek aukera eman dezake munduko beste leku batean fabrika batek igor dezakeenaren kuota mantendu edo handitzeko.
Era horretako proiektuak Funts Berdearen bidez finantzatuak izan daitezke, eta Parisen ez da kontrakorik esango. Karbono salerosketa ez da ezbaian jarri, ezta ere karbonoa lurpeko tegi handietan gordetzeko aukera, horretarako teknologia garatzeko hamarkadak beharko diren arren… Funtsean, Parisen eztabaidatzen ari diren zirriborroaren idazkerak zabaltzen die atea horiei denei: emisio globalez hitz egin beharrean, emisio garbiez (neto, net) hitz egiten da.
Dena biribiltzeko, geoingeniaritzari ez zaizkio ateak ixten, eta energia nuklearra ez da aipatzen. Kyotoko Protokoloak beren-beregi zioen energia nuklearra ezin dela izan klima aldaketari aurre egiteko neurri-sortaren parte.
COP21: klimaren zero urtea?
2015-12-01 // Klima aldaketa // Iruzkinik ez
Avaaz elkarteak 10.000 zapata baino gehiago biltzea lortu zuen azaroaren 30ean Pariseko Errepublikaren plazan, klimaren aldeko manifestazioak egiteko debekuagatik protestan.
Hasi da Parisen COP21, beharbada historian ikusmin handiena sortu duen klimari buruzko goi-bilera. Ez da horretarako arrazoirik falta. Kyotoko Protokoloa 2012an agortu zen, atmosfera berotzen duten gasen emisioak murrizteko helburua bete gabe –guztiz kontrakoa–, eta haren luzapen batean gaude orain, 2020ra arte. Urte horretan sartu behar du indarrean Parisen hartuko den akordioak.
Porrotez porrot, Kopenhageko COP15etik sei urte joan dira Kyoto ordezkatuko duen itunaren ezaugarriak definitzeko ahaleginean; ez da denbora nahikoa izan Parisko biltzarrera proposamen ausart barekin iristeko. 2009an adostu zen klima aldaketaren ondorio latzenak saihesteko, mende honen amaieran tenperatura igoera –industrializazioaren aurreko garaitik– bi gradutik gorakoa ez izatea lortu behar zela. COP21 hasterako estatuek aurkeztu dituzten asmoen arabera, ordea, igoera hori gutxienez 2,7 gradukoa izango da.
Bitartean, klima aldaketa aztertzen duen nazioarteko zientzialari taldea, IPCC, argi mintzatu da bere bosgarren txostenean: benetako konponbideari ekin behar diogu lehen bai lehen, denbora agortzen ari zaigu eta.
Arg.: www.delegfrance-unesco.org
2011ko World Energy Outlook txostenean, Nazioarteko Energi Agentziak –ez elkarte ekologista batek– zioen atea ixten ari zela, eta 2017rako neurri zorrotzak martxan jarri ezean betiko itxiko zela. Klimaren “zero hamarkadan” gaude, Naomi Kleinek This changes everything (Honek dena aldatzen du) liburuan dioen bezala.
Kapitalismoa klimaren aurka da Kleinen liburuaren azpititulua. Horixe da Parisen, debekuari aurre eginez, eta mundu osoan, milaka lagunek kalean aldarrikatu dutena: klima aldatzeko ez dago beste irtenbiderik gure ekoizpen eta kontsumo ereduak errotik aldatzea baino. Bereziki, erregai fosilei uko egiten hasteko tenorea dugu. Gainerakoa makillaje ariketa hutsa da, eta hogei COP egin eta gero badakigu ez duela funtzionatzen.
Berotegi efektuko gasen emisioak behar beste eta behar bezain azkar murrizteko, lur azpian dauden hidrokarburo gehienak hortxe behar genituzke: lur azpian. Arazoa da milioika dolarreko balioa dutela, edo egozten diegula.
Hortik dator erregaien %80 lurpean uztearen aldeko kanpaina, aurtengo maiatzean Pello Zubiriak Net Hurbil atalean ARGIAko irakurleei esplikatu ziena. Baina Parisen ez da horretaz hitz egingo, ez eta hidrokarburoen industriaren bide orriari mugak jartzeaz. Makillajeaz hitz egingo da Parisen.
Frackinga EAEko aurrekontuetatik kanpo dagoela dio PSEk, baina…
2015-11-25 // Frackinga // Iruzkinik ez
Azaroaren 21ean SHESAren egoitzaren aurrean elkartu ziren 150 inguru lagun, sozietate publikoak Burgos iparraldean egin nahi dituen hidrokarburo prospekzioen aurka (Arg.: Fracking Ez).
PSEk dio, eta hala jaso dute hainbat hedabidek, 2016ko aurrekontuetatik frackinga kentzera behartu duela EAJ. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak zuzenketa bat iragarri du aurretik eginda zeukan aurrekontu-proposamenetan –abenduaren 23an eztabaidatu eta bozkatuko dituzte Eusko Legebiltzarrean–, hidrokarburoak bilatzeko Enara baimen-eremuari buruzko aipamena ezabatuz.
Zuzenketa hori EAJk eta PSEk egindako aurrekontuei buruzko akordioaren ondorioa litzateke, alegia, sozialistek akordioa onartzeko jarritako baldintzetako bat. Izan ere, eurek egin dute publiko, akordioaren jende aurreko aurkezpena egitean.
Aurrekontu-proposamenaren lehenbiziko bertsioan, hidrokarburoak bilatu eta ustiatzeaz arduratzen den SHESA enpresa publikoak –%100 Jaurlaritzarena da– sei lan eremu nagusi aurreikusten zituen. Seiak dira esploraziorako baimen-eremuetan; hots, Jaurlaritzak berak dioen bezala, oraindik ez dago erabateko ziurtasunez jakiterik aurkituko diren hidrokarburoak, aurkitzen baldin badira, zein motatakoak izango diren.
Hala ere, ager litekeenaz aurreikuspenak eginda daude baimen bakoitzerako: sei eremuetako lautan, litekeena da hidrokarburo konbentzionalak aurkitzea, erauztekotan ohiko tekniken bidez erauziko liratekeenak, kasu batzuetan behintzat arbuiatzekoak ez diren ingurumen-inpaktuak eraginez. Beste bietan, aldiz, hidrokarburo ez-konbentzionalak egotea espero da. Horiek bai, fracking bidez ateratzekoak, noizbait aterako badira
Noizbait haustura hidraulikoa erabiliko dela aurreikus daitekeen bi eremu horiek Angosto-1 eta Enara Handia –aurretik zeuden lau eremuren batura– dira. Lehenbizikoa Burgosen dago, Espainian, eta EAEko fackingaren aurkako legeak ez dio eragiten. Joan den larunbatean, SHESAk eremu horretan dituen egitasmoen kontrako protesta egin zuten Bilbon, Burgos iparraldeko frackingaren aurkako taldeak deituta. Aurrekontu-proposamenean eremu horretako lanekin aurrera jarraitzea aurreikusten da.
Frackinga erabiltzeko arriskua zuen bigarren eremua, Enara Handia, kendu da aurrekontuetatik. El Correo egunkari bizkaitarrak esan du: Eusko Jaurlaritzak EAEn frackinga egiteko zituen asmoak eten egingo ditu 2016an. Hori da PSEren interpretazioa. EH Bildurena ez da hain baikorra. Dani Maeztu legebiltzarkidearen esanetan, ezin da ahaztu Angosto-1 eta Enara Handia eremuak batuta daudela 2015etik. “EAJk primeran daki, eta PSEk jakin behar luke, SHESAren memoriatik Enararen aipamena ezabatzea ez dela inondik inora frackingari uko egitea”. Zentzu horretan, Maeztuk gogorarazi du martxoan, EH Bilduren galdera bati erantzunez, Arantza Tapia Ekonomia Garapen sailburuak esandakoa: “Inbertsioak elkartzeko arrazoi nagusia da, hala suertatuz gero, baimenetako batean egindako lanak eta inbertsioak beste baimenetako edozeinetan aplikatzeko aukera edukitzea”.
Bestalde, 2016ko aurrekontuan ez agertzeak ez du esan nahi asmoa lurperatu denik, geroago ere berreskuratu daitezke eta. Izan ere, Jaurlaritzak aurreikusita dauka zundaketa batzuk 2017ra arte ezin egitea.
Fracking Ez-en esanetan, esanguratsua da legea bete edo ez betetzea aurrekontuen negoziazioen araberakoa izatea. Haustura hidraulikoaren aurkako plataformak ekainean onartutako legea saihesteko amarruak erabiltzea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari, prentsa ohar baten bidez.
Zein da izango da EAEko fracking legearen geroa?
Edozelan, EAE barruan frackinga erabiltzeko edozein egitasmok ekainean onartu zen legearen oztopoa edukiko luke. Baina zer etorkizun du lege horrek? Onartu eta hilabetera, Espainiako Gobernuak haren aurkako helegitea aurkezteko asmoa adierazi zuen. Handik egun gutxira, EAEko Buletin Ofizialean argitaratu zen Espainiako Estatuko eta EAEko administrazioen arteko Bitariko Lankidetza Batzordeak frackingaren aurkako legeari buruzko negoziazioak hastea erabaki zuela.
Negoziazio horietan gertatzen ari denaz ezer gutxi jakin da. Hala ere, ondorioztatu daiteke legea desitxuratu eta frackinga ahalbidetuko duen akordio batera iritsi ezean, Madrilek helegitea aurkeztuko duela, araua Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat joz –hala egin zuten Nafarroaren kasuan, besteak beste–. Edozein kasutan, ez lukete helegitea aurkeztuko abenduaren 20ko Espainiako hauteskundeak baino lehenago, PPren inguruko iturrien arabera.
Urri amaieran PSEri bidalitako erantzun batean, Jaurlaritzako Ekonomia Garapen Sailak zioen “ekainaren 30eko 6/2015 Legea indarrean badago ere (…), Bitariko Lankidetza Batzordea hartaz eztabaidatzen ari da”. Idazkian behin baino gehiagotan aditzera ematen denez, oso litekeena da legeak gaur duen forma ez izatea behin betikoa.
Bestalde, Arantza Tapiak zuzendutako sailak gogorarazi du legea aplikatuz gero –“indarrean jarraitzen badu eta azkenik helegiterik ez badago”– EAEko administrazioak kalte-ordainak ordainduko beharko lizkiekeela, agian, SHESArekin batera hidrokarburoen esplorazio proiektuetan dabiltzan enpresa pribatuei, nahiz eta ez duen zehaztu zenbatekoak izan litezkeen.
Lotutako albisteak: Lopez de Ocariz (PP): “EAJk behin eta berriro eskatu dio Madrili frackingaren legeari helegitea aurkezteko”
[EGUNERAKETA, 2015-XII-23: Natalia Rojo PSE-EEko legebiltzarkideari bidalitako erantzunean, Eusko Jaurlaritzak EAE-Estatua Bitariko Lankidetza Batzordeko lehen lan-saioaren berri eman zuen abendu hasieran. Bilera hartan, estatuko ordezkariek adierazi zuten frackingari buruzko EAEko legea, idatzita dagoen bezala, teknika erabiltzeko debeku orokortzat jo beharko litzatekeela, eta hartara Espainiako Konstituzioaren aurkakoa litzatekeela. Jaurlaritzak, berriz, hainbat argudio eman zituen debekua partziala dela berresteko, eta beti ere bere eskumenen barrukoa. Akuiferoak kutsatzeko arriskuari dagokionez, Lakuako ordezkariek azpimarratu zuten EAEko legeak ez duela debekatzen frackinga erabiltzea kasu guztietan, kutsadura arriskua ertain edo handia denean baizik, eta edozein modutan URA agentziak eskumena daukala gune jakin batean frackinga erabiltzea baimentzeko, baita arau orokorraren arabera debekatuta egongo litzatekeen kasuetan ere].
Volkswagenen engainua, icebergaren tontorra
2015-09-30 // Ingurumena, Klima aldaketa // Iruzkinik ez
CO2 emisioen proba ofizialetako emaitzen eta autoek errepidean duten benetako portaeraren arteko arrakala %8tik %40ra igo da 2001 eta 2014 bitartean, Transport & Environment elkartearen esanetan (Arg.: M93-CC By SA).
Irudimena asko nekatu gabe norbaitek ‘dieselgate’ izena ipini dion Volkswagen konpainiaren iruzur sonatuaz geroztik, lanak izango ditu automobilgintzaren industriak aspalditik datozen bere aurkako susmoak uxatzeko. Luzerako dirudi kontuak, eta tantaka-tantaka auto fabrikatzaileek egindako tranpei buruzko albisteak azaleratuz doaz, azkena momentuz hauxe: Mercedes, BMW eta Peugeot marketako modelo batzuen erregai kontsumoa %50 handiagoa da neurketa ofizialetan erregistratutakoa baino.
Europako hainbat talde ekologistak osatutako Transport & Environment federazioak eman du datua, urtero argitaratzen duen Mind the gap txostenean. T&Ek dioenez, CO2 emisioen proba ofizialetako emaitzen eta autoek errepidean duten benetako portaeraren arteko arrakala %8tik %40ra igo da 2001 eta 2014 bitartean. Neurririk hartu ezean, 2020rako portzentajea %50eraino haz daitekeela ohartarazi dute.
“Erregai aurreztea eta CO2 emisioak neurtzeko sistema europarrak sinesgarritasuna galdu du erabat”, dio Ekologistak Martxanek, T&E osatzen duten elkarteetako batek. Volkswagenek egindako amarruaren berri izan genuenetik behin eta berriz zabaldutakoa errepikatu dute: oso litekeena da AEBetan atzemandakoa icebergaren tontorra baino ez izatea.
T&Ek salatu du, halaber, automobilgintzaren sektoreak hamaika oztopo jartzen dizkiola garraio pribatuaren alorrak gutxiago kutsa dezan proposatzen den araudi orori. Konparazio baterako, Europar Batzordeak 2017an indarrean jarri nahi duen WLTP proba berriari. Proba horrek gaur egungo kontroletan ohikoak izaten diren huts batzuk konponduko lituzke, baina industria saiatzen ari da haren ezarpena atzeratzen.
Autoak dira Europako CO2 emisioen %15en jatorria. EBren araudiak dio 2015ean fabrikatzaile bakoitzak saldutako autoen bateez besteko emisioa kilometro 130 gramo CO2-koa izan behar dela gehienez. 2021ean, 95 gramora jaitsi beharko da kopuru hori.
T&Ek salatu du auto konpainiak, eta batez ere frantziar eta alemaniarrak, gogotik ahalegindu zirela langa horiek altuagoak izan zitezen. “Araudia moteltzen saiatzen dira lehenik, eta ondoren, behin onartuta, iruzur egiten dute”.
Lobbygintzan sendo
T&E-ren txostena kaleratutako egun berean, automobilgintzak EBren politiketan eragiteko egiten duen inbertsioaren neurria eman zigun CEO elkarteak argitaratutako artikulu honek: Power of car industry lobby makes scandal inevitable (Automobilgintzaren lobbyaren botereak saihestezin bihurtzen du eskandalua).
CEOk dioenez, autoen sektorea da Bruselan lobbygintzan dabiltzanetan indartsuenetakoa, eta bereziki alemaniar konpainiak. 2014an, automobilgintzako enpresek 18 milioi euro gastatu zuten Europako Batzordearen politikagintzan eragiten. Beheko irudian ageri zaizuen podiumean Volkswagen da gailen: 3,3 milioi euro eta 43 langile. Datuok konpainiek eurek aitortutakoak dira, baliteke benetakoak handiagoak izatea.
2014an Volkswagen, Daimler eta BMW konpainia alemaniarrek gastatu zuten diru gehien lobby lanetan (Iturria: Lobbyfacts.eu).
Bestalde, Europako Batzorde berri bat izendatu osteko lehen sei hilabeteetan automobilgintzako ordezkariek hogei bilera baino gehiago egiten dituzte bai komisarioekin bai haien kabineteetako kideren batekin, CEOri jaramon egitera. Lau bileratik hirutan alemaniar konpainiaren batek hartu du parte.
Artikulu berean azaltzen denez, hainbesteko gastua eta ahalegina ez dira alferrikakoak. Esaterako, 90eko hamarkadaren erdian lortu zuten gas-igorpenetarako araudi loteslea geldiaraztea, horren ordez borondatezko murrizketa sistema proposatuz. Sistemak huts egin zuen, baina araudi loteslearen ezarpena hamarkada batez gibelarazi zuen.
Oraingo eskandaluak ustekabean harrapatu behar al gintuen?, galdetzen du CEOk. Bai berehala erantzun ere: “Ohar-seinaleak begien bistan izan dira; ikerketa zentro publikoek, elkarte ekologistek, kontsumitzaile taldeek eta Europako Batzordeak egindako ikerketek eurek agerian utzi dute emisio-neurketen baldintzak eta benetako mundua zeharo desberdinak direla”.
Transgenikoei atea zabaltzen Europar Batasunean
2015-09-07 // Transgenikoak // Iruzkinik ez
TC1507 arto transgenikoa, Europako Batzordeak iaz baimendutakoa (Argazkia: Vmcreddy-CC By SA).
Europako Legebiltzarreko Laborantza Batzordeak errefusatu egin du Europako Batzordeak genetikoki eraldatutako organismoez (GEO) idatzitako lege-zirriborroa. Zirriborro horren arabera, estatu bakoitzak aukera edukiko luke bere lurraldean transgeniko jakin baten erabilera debekatzeko, nahiz eta EBk transgeniko hori baimendu.
Laborantza Batzordeak uste du tokian tokiko debekuek lehiakortasunari kalte egingo lioketela. “Merkatu bakarra eraiki badugu, ez da erabaki politiko arbitrarioek desitxuratu dezaten”, Albert Dess Eurodiputatu alemaniarraren esanetan.
Orain, ikusi beharko da norainoko eragina daukan Laborantza Batzordearen erabakiak behin betiko legearen formulazioan. Hilabete inguru barru, gaian eskumenak dituen beste batzorde batek agertu beharko du bere jarrera: Ingurumenekoak. Eta urri amaieran Legebiltzarrari egokituko zaio Europako Batzordearen proposamena aztertzea.
Txertoei buruzko eztabaidarako zenbait ekarpen
2015-06-05 // Medikuntza // Iruzkinik ez
Oso zalantzazko onurak dituzten txertoak sustatu nahi izateak ospea kentzen die txerto guztiei, baita guztiz beharrezkoak direnei ere.
Katalunian difteria kasu bat agertu da, 32 urtean lehenbiziko aldiz (28 urte, Espainiako Estatuari dagokionez), eta gertakariak hautsak harrotu ditu. Gaixotutakoa, Olot hiriko sei urteko ume bat, larri dago; gaitzaren aurkako txertoa hartu gabe zeukan, gurasoek hala erabakita, eta egunotan oso kritika gogorrak jasotzen ari dira horrengatik.
Espainiako Estatuan, legeak ez du txertatzera behartzen. Baina, zilegi da horrelako erabaki bat hartzea? Batez ere, zilegi da gurasoek umea ez txertatzea erabakitzea (kontuan izan behar da txerto gehienak haurtzaroan hartzen direla)? Auziaren mutur batean daude hala uste dutenak, alegia, txerto guztien aurka daudenak, izan txertaketa kontzeptuaren beraren aurka daudelako, izan pentsatzen dutelako merkatuan dauden txertoek osagai arriskutsuak dauzkatela. Sarritan, arrazoi biak batera ematen dira.
Beste mutur batean daude txertaketa eta txerto guztiak defendatzen dituztenak, oraintxe asaldatuta mintzo direnak “anti-txertoen” aurkako neurri gogorrak eskatuz. Txertoen alde dauden beste askok uste dute jarrera hori –arrazoitutako argudioak baino, sarri, irainak dituena ardatz– ez dela biderik onena txertoak errefusatzen dituztenak konbentzitzeko. Aitzitik, pedagogia lana behar dela txertaketaren onurak ikusarazteko. Kontua da txertoen kontra, eta batez ere txerto batzuen kontra egoteko arrazoi guztiak ez direla guztiz hutsalak.
Hartara, interesgarria litzateke 2012an Espainiako SESPAS elkarteak (Osasun Publikoaren eta Osasun Administrazioaren Elkartea) 2012an egindako biltzarraren ondorioak irakurtzea. Hedabide honetan sarri aipatua izan den Juan Gervás medikuak egindako idatzi honetan daude jasota ondorio horiek:
Azken puntu hori hobeto ulertzen da Juan Gervásen beste artikulu hau irakurrita. Mediku espainiarrak dioenez, batzuetan txertoen aurkakoei leporatzen zaie izatez txertoak emateko ardura dutenen erruz gertatutakoa. Horren erakusgarri, Andaluzian gertatutako adibide bi kontrajartzen ditu Gervásek:
2010ean, Granadan, elgorri piztaldi bat izan zen. Kutsatutakoak, 50 inguru, Txertatzeko Askatasunaren Aldeko taldeko kideen seme-alabak ziren. Epaile batek esku hartu zuen, eta 35 ume txertatzeko agindua eman zuen, haien gurasoen borondatearen aurka. Hedabideek luze-zabal hitz egin zuten auziaz.
Hurrengo urtean, Sevillan, 1.700 pertsona baino gehiagori eragin zien beste elgorri piztaldi bat izan zen. Orduan ez zegoen txertaketaren areriorik tartean. Gaixotutako gehienak hiriko auzo pobreenetan bizi ziren. Ez zeuden txertoen aurka, baina ez zeuden txertatuta, osasungintza publikoa ez zelako haiengana iritsi. Gertakari horri askoz oihartzun txikiagoa eman zitzaion aurreko urtekoari baino, gaixo kopurua askoz handiagoa izan arren.
Kontua da –Gervásek gaineratzen duenez–, elgorriaren aurkako txertaketa-programa perfektua izanda ere ez genukeela eritasuna erabat geldiaraziko. Txertoa ez baita perfektua.
Beste horrenbeste gertatzen da difteriarekin. Katalunian azken kasutik 32 urte igaro izana datu ikusgarria da, baina hala ere “onartu behar dugu difteria kasuak bueltatu egingo direla Europara”, Gervásek, Oloteko gertakariaz galdetuta, eldiario.es egunkari digitalari adierazi dionez. Hedabide horretan bertan irakur daiteke Difteriaren Zaintzarako Europako Sarearen ustez arriskua dagoela gaitz horren epidemia bat Europar Batasunera heltzeko. Horren zergatia da difteriak gora egin zuela 90eko hamarkada hasieran, SESB deseginda bertako osasun sistemak zeharo ahuldu zirenean. Gaur egun, gaitzaren transmisioak bere horretan dirau Letonian, Ukrainan eta Errusian.
“Difteria ez da sekula desagerraraziko”, dio Juan Martinez mediku eta osasun prebentiboan adituak, “txertoa nola sortu zen jakitea besterik ez dago horretaz jabetzeko”. Hitz lauz esanda: difteriaren aurkako txertoak ez du mikrobioaren aurkako immunizaziorik ematen, haren pozoiaren aurkakoa baizik ez. Bestalde, txertoak eskaintzen duen babesa beste askorenak baino askoz laburragoa da, hemeretzi urte ingurukoa; beraz, babesgabe uzten ditu beste dosi bat hartzen ez duten helduak. Horrek ez du zuritzen Oloteko umearen gurasoen erantzukizuna, jakina.
Azken batean, ondorio nagusi bat atera daiteke SESPASek esandakotik: txerto sistemikoak berebiziko altxorra dira, baina haien oinarri zientifiko eta filosofikoa baliatzen da osasunerako oso zalantzazko onurak dituzten eta industriari irabazi mardulak ematen dizkieten txerto berriak sustatzeko. Horrek txerto guztiei kentzen die ospea, nahiz eta “txerto” kontzeptuak, oraindik, izen onari eusten dion.
Zenbat zuhaitz kabitzen da 13 milioi hektareatan?
2015-05-21 // Natura // Iruzkinik ez
Pagadi primarioa Montenegroko Biogradska Gora parke nazionalean (Arg.: Snežana Trifunović-CC By SA).
Erdal esaera batek dio batzuetan zuhaitzek ez dutela basoa ikusten uzten, edo agian alderantziz da eta basoa da zuhaitzak ikustea galarazten diguna? Ez du asko axola, baso zein zuhaitz, gero eta gutxiago daukagu eta. Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Egunaren karietara (maiatzak 22), Greenpeacek gogorarazi du baso birjinaren bosten bat besterik ez zaigula geratzen, eta deforestazioak ez duela atsedenik hartzen.
Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak, FAOk, esan du 2000-2010 hamarkadan hamahiru milioi hektarea baso suntsitu direla urtero, batez beste. Sei Euskal Herri oso, eta apur bat gehiago. Urtero.
Greenpeacek kezka bizia agertu du oihan primario edo birjinaren atzerakada dela eta. Alegia, giza jardueraren inpaktua oraindik jasan ez duen oihana. Orain dela 8.000 urte munduko gainazalaren erdia estaltzen zuten; baina garai oparo haietatik euri askotxo bota du, euri azidoa barne, eta gaur egun jatorrizkoaren bosten batek irauten du. Ekosistemen orekarako funtsezkoak diren oihan horietan 150 milioi pertsona bizi dira, eta planetako biodibertsitatearen gordeleku nagusia dira (oihanez ari naiz, ez pertsonez).
Kontuak urtean behin egitearen abantaila da berriz gaiaz gogoratzen garenean kopuruak ez direla biziki txarragoak izango, gure suntsitze gaitasunak mugak baititu. Aurten bosten bat dena, bosten bat izango da 365 egun barru, gutxi gorabehera. Eta hala ere, gogoan izan: datorren urteko maiatzaren 22ra bitartean, sei Euskal Herri osok galdu egingo dituzte beren zuhaitz guztiak.
Europako Legebiltzarraren matxinatze txikia TTIPen aurka
2015-05-10 // TTIP // Iruzkin bat
Europako Legebiltzarreko batzorde gehienak ISDS auzitegien aurka agertu dira. (Arg.: Jlogan-CC By SA).
Ekaineko lehen astean, Europako Legebiltzarrak ebazpen –ez lotesle– bat onartu behar du TTIPi buruz. Erabakiak ez du eragin zuzenik negoziazioan; esan nahi baita, Legebiltzarrak dioena dioela akordioa egosten jarraituko dutela Europako Batzordeak eta AEBek. Beste kontu bat da ebazpenak noraino baldintzatuko duen negoziazioetan europar aldeak izango duen jarrera.
Itxuraz, ezerk ez du aditzera ematen Bruselako legebiltzarkideek TTIPen aurkako ebazpenik onartuko dutenik. Hiritarren eskubideak errespetatu behar direla eta holako orokorkeriak esango dituzte, noski, kontrakoa ezin daitekeelako esan. Baina TTIPi argi berdea emango diote.
Itxuraz, diot, zalantzarako zirrikitu bat ireki baitu Legebiltzarreko batzorde gehienak TTIPen aurreikusita dagoen ebazpen-auzitegiaren aurka agertu izanak. Ingelesezko ISDS siglez ezagun diren auzitegi horiek hitzarmen transatlantikoaren zati polemikoenetakoa dira: haien bitartez, atzerriko konpainia batek estatu edo eskualde baten kontrako salaketa jar dezake, hark onartutako legediak kalte egin diola –irabaziak gutxitzea izan daiteke kalte bat– uste badu.
Cecilia Malström, Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa (Arg.: EFE).
Europar negoziatzaileen buruetan ez da sartzen ISDSrik gabeko TTIP bat onartzea. Horregatik, Cecilia Malström, Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa, Legebiltzarrean ibili da joan den astean, ISDSaren ezaugarriak leunduko direla esanez, eta era horretan legebiltzarkideak haren beharraz konbentzitzen saiatuz.
Besteak beste, Malströmek esan du ISDSren ebazpenen aurka helegiteak aurkezteko aukera handiagoa izango dela, gaur egun hutsaren hurrengoa baita. Alegia, EBk horixe defendatuko duela esan du. Beste kontu bat da AEBek zer ihardetsiko dioten.
ISDS auzitegiak noranzko bakarrekoak dira: enpresek baino ezin ditzakete salaketak jarri bertan. Eurak ezin dira salatuak izan. Dagoeneko, haien erabakien ondorioz estatu askok dirutza eskergak ordaindu behar izan dizkiete hainbat transnazionali. Espainiako Estatuan TTIPen aurka kanpaina koordinatzen dabilen Luis Ricoren esanetan, “auzitegi pribatuak dira, kontrolik gabekoak, eta ebazleak abokatu talde gutxi batzuetako kideak dira; egindako lan ordu kopuruaren arabera kobratzen dute, eta hortaz kasu asko egotea interesatzen zaie”. Kasu asko egoteko, Ricok dioenez, abokatu horiei komeni zaie inbertsiogileek irabazteko aukera asko edukitzea.
Mekanismo horri buruz zerbait esan beharko du Europako Legebiltzarrak ekainean, baina denok lasai; berriro diot, ez da loteslea. Eta gainera, zenbait adituri kasu egitera TTIPen negoziazioetan oraindik ez da benetako eztabaida hasi; ukabilkadak, iristekotan, irailetik aurrera iritsiko dira.